Waste4Think

Europako Waste4Think proiektuaren xedea hau da: hiriguneetan sortutako hondakinen kudeaketan informazio- eta komunikazio-teknologiak aplikatzea, kostuak aurrezteko eta jasangarritasuna sustatzeko 20 irtenbide oso berritzaile baliatuz. Irtenbide horien helburuak hauek dira: datuak denbora errealean monitorizatu, bildu eta prozesatzea; tresna informatiko integratuak sortzea; sentsibilizazio-kanpaina berritzaileak abiaraztea; joko serioak martxan jartzea; mugikorretarako aplikazioak diseinatzea eta hondakin organikoak eta pixoihalak tratatzeko bi fabrika pilotu eraikitzea, hiri adimendunak eraikitzen aurrera egiteko eta ekonomia zirkularraren oinarriak sendotzeko.



Irtenbide horiek probatzen ari dira Bizkaiko Zamudio herrian, Grezia hegoaldeko Halandri hirian, Portugalgo Cascais herrian eta Italiako Seveso hirian ezarritako lau proiektu pilotutan.

Honegatik hautatu dira leku horiek: aintzat hartu nahi direlako industrializazio-maila eta ezaugarri sozial, demografiko eta geografiko desberdinak dituzten eremuak, bai eta hondakinen kudeaketaren arloan dauden errealitate desberdinak ere.

Proiektuaren iraupena

Hiru urteko iraupena du proiektuak. 2016ko ekainaren 1ean hasi zen ofizialki, eta 2019ko azaroan amaituko da. Bederatzi milioi euroko finantziazioa jaso du.

Parte-hartzaileak

Hemeretzi bazkidek osatzen dute partzuergoa, tartean direla zenbait administrazio publiko, zentro teknologiko, unibertsitate eta ETE, kluster bat eta GKE bat:

  • (Koordinatzailea) Deusto Fundazioa – Deustotech
  • Zamudioko Udala – Bizkaia
  • Basque Environment Industry Cluster – Aclima
  • Comune di Seveso – Italia
  • ARS Ambiente Srl – Italia
  • Legambiente Lombardia – Italia
  • Halandriko Udala (ΔΗΜΟΣ ΧΑΛΑΝΔΡΙΟΥ) – Grezia
  • Moba Mobile Automation AG – Alemania
  • Bartzelonako Agència d’Ecologia Urbana (BCNecologia) – Bartzelona
  • Cascaiseko Udal Ingurumen Enpresa (EMAC) – Portugal
  • Environmental Biotechnologies (EnBio EPE) – Grezia
  • National Technical University of Athens (NTUA) – Grezia
  • Serious Games Interactive – Danimarka
  • Softline – Italia
  • University of Patras – Grezia
  • Zabala Innovation Consulting
  • Green Technologies – Grezia
  • Engineering – Italia
  • Virtualware – Bizkaia

 

Bizkaia, ekimenaren bihotzean

Beste zenbait lekuren artean, Zamudioko lantegi pilotuan ari dira probatzen datuak biltzeko, digitalizatzeko eta prozesatzeko sistemak, informazioa tratatzeko plataforma baten bidez. Plataforma horri esker, ikuspegi integrala eta, oro har, jasangarritasuna bidaide direla har daitezke erabakiak. Gainera, egungo kudeaketa-sistemak ekonomian, gizartean eta ingurumenean duen eragina aztertzen ari dira, eta epe luzeko plangintza estrategiko bat egiten. Plangintza horretan sartzen da bilketa-puntuen zehaztapena eta kokapena, eta konposta tratatzeko fabrika berriak egitea.

Informazioaren segimendua egiteko eta hura prozesatzeko, sentsoreak ezarri dira zabor-edukiontzietan, eta denbora errealean ezaugarritzeko eta pisatzeko sistema bat bilketarako erabiltzen diren kamioietan.

Horrez gain, proiektuaren arduradunek, beste bazkide teknologiko batzuekin batera, zeregin hau dute: parte hartzeko eta elkarrekin sortzeko metodologia bat garatzea herritarrek, ikaskuntza-esperientzia partekatuetan, mugikorretarako aplikazioetan eta sare sozialetan oinarritutako lankidetza-ekintzen, hezkuntza-baliabide irekien (OER) eta udalerriko benetako datuez elikatzen diren joko serioen bidez, herritarrak beren ingurunearen errealitatera hurbiltzeko eta haiei irtenbideak bilatzen parte harrarazteko.

Proiektuaren baitan aztertuko den beste elementu bat hau da: sortu ahala ordaintzeko sistemak (Pay As You Throw edo PAYT) eta pizgarri-planak inplementatzea, zaborra bereiztea sustatzeko eta zabor gutxiago sortzeko.

Zamudion, helburu izango dute, halaber, “zero zabor” ekosistemak ezartzen aurrera egitea hondakinak sortzen diren eremuak aztertuz, identifikatzeko zer motatako zaborra sortzen den, eta, gero, ekintza zuzentzaileak ebaluatzeko.



Gure xedea

Proiektuaren komunikazio eta emaitzak hedatzeko paketearen lider da Aclima, eta helburuak betetzen ari da; hala eta guztiz ere, egiteko garrantzitsua du, oraindik ere, parte-hartzaileek erabiltzen dituzten teknologien transferentzia errazteko bidean.

Lantzen ari garen ekonomia zirkularraren moduluaren liderrak ere bagara. Horren helburua da “Zero zabor” lurraldeak lortzeko irtenbideak aurkitzen laguntzen duen tresna bat sortzea, eta helburu hori bera izango du datorren urteko ekainean egingo den bilerak.

Horrez gain, ekitaldi paralelo bat antolatuko dugu ISWA Mundu Biltzarrean. Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da ekitaldi hori, 2019ko bigarren seihilekoan, eta bost kontinenteetako 1.200 biltzarkide inguru bertaratuko dira.



Espero diren emaitzak

Hauexek dira Waste4Think proiektuaren helburu nagusiak: hondakin-kantitatea % 8 murriztea; hiri-hondakinen sailkapena % 20 hobetzea, haiek berrerabili eta birzikla daitezen; hondakinak kudeatzeko kostuak % 10 murriztea, eta berotegi-efektuko gasen emisioak ehuneko berean (% 10) murriztea.

Baina helburu hauek ere baditu: pentsamolde-aldaketa sustatzea, ohiturak aldatzea, eta birziklatze- eta berrerabiltze-mekanismoak baliaraztea.

Laburbilduz, asmoa da bazkideen artean sinergiak sortzea gobernantzako, baliabideak kudeatzeko eta negozio-eredu berriak sortzeko sistema berriak abiarazteko.

X